Archive for the ‘Gipuzkoa’ Category

Berria

Bihar erregistratuko dute Madrilen, eta hilaren 22an aurkeztuko dituzte alderdiaren helburuak eta logotipoa

IÑAKI PETXARROMAN DONOSTIA

Ezker abertzalearen eremuan beste alderdi politiko batek jardungo du aurrerantzean: Eusko Ekintzak. Alderdi berria bihar erregistratuko dute Espainiako Barne Ministerioan, eta hurrengo larunbatean aurkeztuko dute. Besteak beste, alderdi berriaren helburuak, logotipoa, izena eta osaketa aurkeztuko dituzte.

Sortu alderditik kanpo eratu dute Eusko Ekintza. Besteak beste, ezker abertzaleko hainbat kide izandakok, EAko kide ohi batzuek eta eremu libertarioko zenbaitek osatuko dute Eusko Ekintza, BERRIAk jakin duenez.

Alderdi berria ezker abertzalearen esparruan kokatu dute. «Kapitalismoa eta neoliberalismoa onartzen ez dugun hainbat sektorek bat egin dugu, sozialdemokraziatik kanpo».

Oraindik erakundeetan nola jardungo duten erabaki ez badute ere, haien kokapen naturala Euskal Herria Bilduren barruan ikusten dute sustatzaileek.

Alderdiaren antolaketari dagokionez, eskualdez eskualde eratuko da, modu horizontalean. «Demokrazia erradikala proposatzen dugu, eta horrek isla izango du barne antolaketan eta erabaki prozesuetan».

Halaber, hau da Eusko Ekintzak bultzatuko duen eredu politiko-ekonomikoa: «Ezker eraldatzailea eta iraultzailea, sektore publikoan, komunitarioan zein kooperatiboetan oinarritutako sozialismoa».

Biktimen atalari eta gatazka politikoaren ondorioei garrantzi handia eman nahi die: «Nazioarteko araudia betearaziz, biktima guztientzako egia, justizia eta erreparazioa» eskatuko ditu. «Gatazka politikoaren azkeneko urteetako errepresaliatu guztientzako amnistia lortzeko lan egingo dugu», iragarri dute.

Alderdi berriaren lan tresnak erakundeak, masa borroka herritarra, intsumisioa eta desobedientzia zibila izango dira.

Datorren abenduaren 10ean, (astelehena) Bilboko La Bolsa Udaltegian eta arratsaldeko 19,00etan, Eusko Lurra Fundazioa-ren eskutik “EAE-ANV 1930 tik aurrera Ezker Abertzalea” DVDaren emanaldi publikoa izango da. Ondoren eta gaiarekin lotuta, txarla/debate bat ere egongo da.

DVDa ikusi eta txarla/debatean parte hartu nahi duen guztiak izango du bertan egoteko aukera. DVDaren iraupen osoa 50 minutukoa.

8AZA_AZAROA_LABURDURA

Hego Euskal Herrian gehiengo sindikala estatu mailako indar sindikalak baino askoz jarrera sendo eta osoagoa izaten ari da aspaldian langileen eskubideen defentsan. Hartara, ulergarria da ezkerreko indar soberanistak gehiengo sindikalaren mobilizazio egutegira lerratzea. Alta, azaroaren 14ko deialdiak orain arte gehiengo sindikalak eskeini ez duen eta beharrezkoa den nazioarteko markoa eskeini dio langilegoari, eta nazioarteko eraso kapitalistak nazioarteko langilegoaren erantzuna behar duen jakitun, CCOO eta UGT sindikatuek kapitalarekiko duten morrontza ez duten hainbat sektorek egun horretan mobilizatzeko beharra ikusi dute, deialdi propioa eginda batzutan, ESK kasu.

LIZARGORRI taldeak, sindikatu abertzaleek bezala, mobilizaziorako arrazoi franko dagoela uste du; halaber, nazioarteko erantzunaren premia azpimarratzen du, eta hartara ulertu egiten du, besteren ezean, azaroaren 14ean burutuko den nazioarteko mobilizariora biltzeko hainbat sektorek egindako deialdia.

CCOO eta UGTek deitutako greba deialdiak sinesgarritasun falta duelarik, gure burua Euskal Herriko gehiengo sindikalean identifikatuta ikusten dugun euskal langileok, mobilizazio propioak egin behar ditugula uste dugu.

Europa osorako zabaldu den deialdiarekin bat egiteko modu ezberdinak egon daitezke eta Hego Euskal Herrian ere, egun hori, greba egin ala ez, mobilizazio eguna izan daitekeela uste dugu.

Hori dela eta, Estatu eta merkatuen indarren aurrean amore eman ez duten euskal eragile sindikal eta sozialek egun horretarako antolatu dituzten ekitaldiekin bat egiten dugu.